Albisteak

Egitaraua

Willis Drummond, WAS eta En Tol Sarmiento Hondarribiko jaietan arituko dira

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Riot Propaganda ere izango da Hondarribian irailaren 6tik 11ra, eta Gorka Sarreigi, Izaro, Alex Sardui eta Petti abeslarien kantaldiak itxiko du festetako egitaraua.

Irailaren 6tik 11ra ospatuko dituzte herriko jaiak hondarribiarrek. Egun horietan kirolak eta gastronomiak leku garrantzitsua beteko dute, eta, zer esanik ez, musikak.

Festetako aurreneko egunean, esaterako, Willis Drummond eta WAS igoko dira Bentako agertokira. Irailaren 8an, berriz, Alardeak hartuko du protagonismoa Gipuzkoako kostaldeko aipatu udalerrian, baina gauean Gozategiren doinuek girotuko dute jai-gunea. Hilaren 9an, berriz, Aker Odol eta Riot Propaganda aterako dira oholtzara.

Luze joko du festak Hondarribian. Hala, irailaren 10ean, Dj Kanu, Pantxoa Carrere, En Tol Sarmiento eta disko-festa izango dira eguneko plater dastagarrienak.

Bukatzeko, azken egunean, alegia, Baserritarren egunean, euskal pop-rock izarren kantaldiaz gozatzeko aukera izango dute Hondarribiko bizilagunek. Han hartuko dute parte, besteak beste, Gorka Sarriegik, Izarok, Alex Sarduik eta Pettik. Gaurko eta atzoko abestiak taularatuko dituzte haiek.