Albisteak

Lan berria

Kalean da Glaukoma taldearen 'Kalima' diskoa

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Karlos Osinagaren gidaritzapean eta Bonberenea Ekintzaken eskutik iritsi da tolosarren estudioko hirugarren lana.

Glaukoma taldeak estudioko hirugarren diskoa –Kalima- argitaratu berri du. Guztira, hamahiru kantu jaso dituzte lan horretan; batzuk euskaraz abestuak eta beste zenbait gaztelaniaz kantatuak.

Karlos Osinagaren gidaritzapean eta Bonberenea Ekintzaken eskutik iritsi da, hain zuzen, gipuzkoarren berriena, eta taldekideek azaldu dutenez, ez dituzte inolaz ere abesti gozoak eta lasaiak egin. Are gehiago, itsaskorrak eta lehorrak omen dira kantu berriak, lanbide ezegonkorrak, ongizatearen irudikeria, errealitate likidoak eta Interneten garaiak ekarritako maitasun faltsua dira, besteak beste, Kalimak azpimarratzen dituen kontzeptuak.

Hala, Glaukomaren estiloari eutsita, ohi baino proiektu sakonagoa, zuzenagoa eta lehorragoa aurkeztu dute tolosarrek, "heldutasunak eta bizitako egun bakoitzak, gaztaroaren poztasuna erretzen dutela" erakutsiz.

Hartara, dantza egiteko aukera emango badu ere, taldekideen erraietan hautsitako "zerbait" islatuko du, batik bat, diskoak.

Disko osoa, hemen entzungai: