Albisteak

Urriaren 5etik 8ra

Marabilli Festibala bueltan da, Zea Maysen eta Amparanoiaren kontzertuekin

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Kukai Dantza taldea, Bernardo Atxaga, Ander Lipus, Miren Amuriza, Asier Altuna, Giorgio Bassmatti eta Jon Maya ere izango dira Ondarroan, urriaren 5etik 8ra.

  • Marabilli jaialdia

    Marabilli jaialdia

Konturatu orduko iritsiko da Ondarroako Marabilli Festibala jaialdi ezaguna. Aitzol Aramaio zinemagilearen omenez jaiotako sormen festibalak egitarau zabala prestatu du laugarren edizio honetarako ere. Izan ere, urriaren 5etik 8ra kontzertuak, hitzaldiak eta mota askotariko jarduerak izango dira Bizkaiko aipatu udalerrian.

Musikari dagokionez, ostiral eta larunbat gaueko zuzenekoak izango dira, zalantzarik gabe, aurtengo plater nagusiak. Hala, urriaren 6an Amparanoia igoko da Beikoziniko oholtzara, 23:00etan. Egun bat geroago Zea Maysen txanda izango da agertoki gainean. Bi emanaldiotarako sarrerak salgai daude jada Beikozini aretoan bertan eta Zurrumurru liburu-dendan.

Hori gutxi eta, besteak beste, Kukai Dantza taldea, Giorgio Bassmatti, Bernardo Atxaga, Asier Altuna, Ander Lipus, Miren Amuriza eta Jon Maya ere gonbidatuko dituzte urriko lehenengo asteburuan. Kulturaren plaza bilakatuko da, hortaz, Ondarroa, lau egunez.

Aurkezpen jaialdia

Marabilli Festibala aurkezte aldera, irailaren 15ean Marabillatxu festa antolatuko dute non Gatz eta Turbofuckers taldeak protagonista izango diren.