Albisteak

Zuzenekoak

Glaukoma taldeak "Kalima" biraren aurreneko datak iragarri ditu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Arrasate, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bartzelona eta Ondarroa harrapatuko dituzte urria eta azaroa bitartean.

Glaukoma taldea agertokiak astintzeko prest dago, Kalima diskoa argitaratu ostean. Lan hori aurkezteko kontzertuak Tolosan eman zituen duela egun batzuk, eta orain euren musika Euskal Herri osora zabaltzeko prest daude tolosarrak.

Hala, urriaren 5ean Arrasateko gaztetxean dute hitzordua, eta Bilboko Stage Live aretoan egongo dira urriaren 7an. Urriko azken emanaldia Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskainiko dute, hilaren 28an.

Azaroaren 4an, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxea bisitatuko dute lehenik. Ondoren, Bartzelonarako bidea hartu dute, azaroaren 18an Apolo aretora iristeko. Bukatzeko, azaroaren 25ean, Ondarroako Beikozinin izango dira, abesti berriak taularatzen.

Kontzertuak

Urriak 5, Arrasateko gaztetxea

Urriak 7, Bilboko Stage Live aretoa

Urriak 28, Gasteizko Jimmy Jazz aretoa

Azaroak 4, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxea

Azaroak 18, Bartzelonako Apolo aretoa

Azaroak 25, Ondarroako Beikozini aretoa

Lan berria

Karlos Osinagaren gidaritzapean eta Bonberenea Ekintzaken eskutik iritsi da proiektu berria, eta, taldekideek azaldu dutenez, ez dituzte inolaz ere abesti gozoak eta lasaiak egin. Are gehiago, kantu berriak itsaskorrak eta lehorrak dira, eta, besteak beste, lanbide ezegonkorrak, ongizatearen irudikeria, errealitate likidoak eta Interneten garaiak ekarritako maitasun faltsua dira Kalimak azpimarratzen dituenak.

Hala, Glaukomaren estiloari eutsita, ohi baino proiektu sakonagoa, zuzenagoa eta lehorragoa aurkeztu dute tolosarrek, "heldutasunak eta bizitako egun bakoitzak gaztaroaren poztasuna erretzen dutela" erakutsiz.

Hartara, dantza egiteko aukera emango badu ere, diskoak, batik bat, taldekideen erraietan hautsitako "zerbait" islatuko du.

GLAUKOMA DISKOA

 

A" />