Albisteak

Diseinu grafikoa

Joseba Elorzak irudiztatu du Green Day taldearen bideoklip berria

N.V, L.Z. | EITB.EUS

Artista gasteiztarrak Green Day talde kaliforniarraren "Too dumb to die" bideoklipa irudiztatu du. Bideoan, nabarmena da Elorzaren estiloa.

Joseba Elorzak, Miraruidok, urteak daramatza collage koloretsuen bidez aldizkari zein egunkariak irudiz hornitzen. Orain arte, besteak beste, The Wall Street Journal, The Hollywood Reporter eta Esquire irudiztatu ditu, baita ESPN katea ere. Gainera, azkenaldian Berri Txarrakekin aritu da elkarlanean, Denbora da poligrafo bakarra diskoaren azala eta taldearen bideoklipen baten grabazioa ilustratzeko.

Orain, punk rock musikaren munduan barneratuta, Kaliforniako Green Day talde arrakastatsuaren "Too dumb to die" lyric bideoa (animaziozko irudiak, abestiaren letrarekin tartekatuta) irudiztatu du.

Elorzak berak Euskadi Irratiko 'Hiri gorrian' saioan azaldu duenez, taldea kudeatzen duen Warner Bros. konpainiak askatasun osoa eman zion bideoa sortzerakoan. Hain zuzen ere, baldintza bakarra jarri zioten: bideoan Green Day taldeko musikariak agertzea. Dirudienez, oso pozik geratu dira artista gasteiztarrak egindako lehenengo bertsioarekin.

in.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika albisteak