Albisteak

Igandean, Oñatin

Huntza, Willis Drummond eta Oihan Vega, Kilometroak 2017 festan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Igandean egingo dute Kilometroak festa Oñatin, eta aipatu taldeez gain, besteak beste, Oxabi, Liher, Egurra ta Kitto eta Beñat Igerabide arituko dira bertan.

  • Huntza. Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Huntza. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Oñatiko Txantxiku Ikastola prest dago Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak 2017 jaia hartzeko, "Lekaixoka" leloari eutsita. Ohi baino lehenago iritsiko da aurtengo edizioa, astebete aurreratu baitute aipatu festa. Dakizuenez, urriko lehenengo asteburuan izan ohi da Kilometroak, baina iraileko azken igandean, hots, igande honetan, helduko da aurten ikastolen aldeko aldarria Oñatira.

Ibilbideak lau gune izango ditu: Ikastola, San Martin, Asentzio eta Berezao. Gune horietan, besteak beste, musikak hartuko du lekua, euskal talde ezagunak igoko baitira agertokira, musikazaleen nahiak asetze aldera.

Lehenengo gunean, adibidez, Oxabi, Liher eta Anje Duhalde arituko dira, eta etxeko txikienentzako jarduerak prestatuko dituzte bigarrenean.

Hirugarrenean, Asentzion, Beñat Igerabide, Oihan Vega, Egurra ta Kitto, Errebal eta Perlak izango dira protagonista, eta Joseba Irazoki eta Lagunak, Sharon Stoner, Arkada, Hestura, Huntza eta Willis Drummond arduratuko dira Berezao gunea girotzeaz.

KILOMETROAK 2017 EGITARAUA