Albisteak

Kontzertuak

La M.O.D.A. taldearen 'Salvavida' birak Bilbo harrapatuko du abenduan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Abenduaren 8an eta 9an helduko dira Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokira, aurki argitaratuko duten diskoko kantuekin.

Duela egun batzuk iragarri genuen La M.O.D.A. taldeak hainbat emanaldi akustiko eskainiko zituela, disko berria aurkezte aldera. Behin kontzertu horiek bukatuta, bira luzea egingo dute Espainiako Estatuan, Salvavida (de las balas perdidas) disko berriko kantuak jotzeko.

Dakizuenez, irailaren 29an helduko da Burgosko taldearen berriena, eta etxean bertan emango dituzte aurreneko zuzenekoak, azaroaren 3an eta 4an. Geroago harrapatuko dituzte Vigo, Santiago, Valladolid, Leon, Madril, Valentzia eta Bartzelona. Azpimarratzeko modukoa da, gainera, Madrilen azaroaren 24an eta 25ean izango direla, eta dagoeneko agortuta daudela kontzertuotarako sarrera guztiak. Hori horrela, hirugarren egun bat iragarri berri dute. Azaroaren 30ean, La Riveran arituko dira.

Euskal Herrira, berriz, abenduan iritsiko dira, eta oraingoz Bilbo bisitatzeko asmoa dute. Abenduaren 8an eta 9an astinduko dute Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokia, Zaragoza zapaldu baino astebete lehenago. Azken emanaldia Salamancan hitzartu dute, abenduaren 16rako. Dena dela, litekeena da 2018an ere agertokiz agertoki jarraitzea, eta, horrenbestez, Euskal Herrian berriro izatea.

Sarrerak eskuragarri daude jada.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika