Albisteak

Urriaren 11tik 22ra

Durangoko jaiak, hastear

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Urriaren 11tik 22ra, besteak beste, Eskean Kristo, Skakeitan, Potato eta Luhartz arituko dira Durangon.

Durangoko San Fausto jaietarako ordu batzu baino ez dira falta. Gaur hasiko dira Bizkaiko aipatu udalerriko festak, non musikak leku garrantzitsua beteko duen. Tres 41, Alerta eta Stronger Together taldeak igoko dira agertokira jaiei hasiera emateko, Txosna Batzordeak antolatuta. Bihar, berriz, Luhartz taldeak girotuko du Santa Maria gunea.

Urriaren 13an ere izango da zer entzun Durangon. Alde batetik, txosnen gunean Storm, Eskean Kristo eta Zeinke arituko dira. Bestetik, Berdintasun Batzordeak rap feministari gordeko dio tokia, La Furia taldea gonbidatuta.

Beharbada, larunbata izango da egunik jendetsuena. Horregatik, gustu guztiak asetzeko adina emanaldi antolatu dituzte egun horretarako. Txosnetan, esaterako, Potato eta Priscilas Band izango dira. Santa Mariak, ostera, Skakeitanen musika hartuko du.

Jaietako bigarren asteburuan aukera murritzagoa izango da, nahiz eta oraindik ere zenbait kontzertu egongo diren, Eat My Fear, Genderlexx, Godoys Wondereres eta Zoo taldeena, kasu. Txosnek gonbidatuta iritsiko dira talde horiek Durangora, urriaren 20an.

Bukatzeko, hilaren 21ean Momok Queen taldearen kantu arrakastatsuenak taularatuko ditu Santa Marian. Bestalde, Luhartzen doinu dantzagarriekin jantziko dira txosnak.