Albisteak

Aste honetan

Gorka Urbizu eta Izaro Andres agertoki berean, Rockomunikazioa berbaldietan

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Hizkuntzak eta rock musika ardatz izango dituzten solasaldiok Oñatin, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte, urriaren 5ean, 6an eta 10ean, hurrenez hurren.

Izaro Andres eta Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu agertoki berean izango dira hiru egunez, Rockomunikazioa solasaldien baitan. Hala, bi gitarra akustikorekin lagunduta, berbaldi lasai batean murgilduko dira aipatu bi euskal artistak urriaren 5erako, 6rako eta 10erako antolatu dituzten hitzorduetan.

Hain zuzen ere, Oñatiko Kultur Etxea harrapatuko dute lehenik ostegun honetan, eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea bisitatuko dute egun bat geroago. Bi solasaldi horiek 19:00etan izango dira, baita hilaren 10ean Gasteizko Artiumen eskainiko dutena ere. Aipatzekoa da, halaber, doako saioak izango direla guztiak, Mondragon Linguaren eskutik.

Esan bezala, artea, hizkuntzak eta rock musika izango dute ardatz mintzaldiok. Hori horrela, hiru hizkuntzatan jardungo dute, komunikazioak, sorkuntza artistikoak eta hizkuntzek duten harremana jorratzeko.

Izarok elkarrizketa egingo dio Gorkari musikaren munduko bizipenak gertutik ezagutzeko. Besteak beste, musikaren industriari, mundu horretan dagoen sexismoari eta lan-prekarietateari eta sorkuntza-prozesuari buruz galdetuko dio.

Amaieran, Gorka Urbizuk sortutako abesti bat joko du Izarok, eta alderantziz.