Albisteak

Nobedadeak

Audience taldeak disko berria argitaratuko du urriaren 20an

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

'Isla' diskoa Kuban grabatu dute gernikarrek, Kaki Arkarazoren gidaritzapean.

Bidehuts zigiluak aurreratu duenez, Audience talde bizkaitarrak prest du disko berria. Isilune luze baten ostean, Isla lanarekin itzuliko dira gernikarrak urriaren 20an. Egun horretan argitaratuko dute, hain justu, estudioko seigarren proiektua izango dena.

Oraindik ezer gutxi aurreratu dute diskoari buruz, izenburua eta kantu bat salbu. Ekainean aurkeztu zuten "El Tres, el Quinto y el Tumbao" abestia, Kubatik iritsi berritan. Herrialde horretako Abdala estudioetan grabatu dute Isla lana, Kaki Arkarazoren gidaritzapean eta Kubako zenbait musikariren laguntzarekin.

Ibilbidea

Esan bezala, Gernika-Lumo eta Busturia artean jaio zen 2000. urtean Audience, eta hainbat disko kaleratu ditu ordutik; 2001ean heldu zen lehena, Some lovely hands on dry skins, eta 2010ean, orain arteko azkena, Audience plays Amerikanuak (Amerikanuak dokumentalerako egindako soinu-banda).