Albisteak
Durangoko Azoka 2017
Governorsek ireki eta Glaukomak itxiko du Plateruenako kontzertu zikloa
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Durangoko Azokaren tarteko egunetan, berriz, Arkada Social eta Audience ikusteko aukera izango dute Plateruena Kafe Antzokira joaten direnek.
Hilabete eta erdi barru irekiko ditu ateak Durangoko Azokaren 52. edizioak. Euskal kulturaren erakusleiho izango da egun horietan Landako gunea, baina baita Durangoko beste hainbat areto eta txoko ere; Plateruena Kafe Antzokia, esaterako.
Hain zuzen ere, abenduaren 6tik 10era, disko berria aurkeztuko dute bertan lau euskal taldek. Esan bezala, Governors izango da agertokira igotzen lehena; arrasatearrek abenduaren 6an joko dute, 22:30etik aurrera.
Hurrengo egunean, hots, Azokaren bigarren egunean, Arkada Social arituko da, ordu berean, eta abenduaren 8an Audienceren txanda izango da. Gernikarrek Kuban grabatutako Isla estudioko azken lana taularatuko dute.
Bukatzeko, hilaren 9an, Glaukoma igoko da oholtzara, Kalima diskoko kantuak jarraitzaileen aurrean aurkezteko.
Ordutegiak eta sarrerak
Lau kontzertuak ordu berean izango dira, 22:30ean, eta sarrerak 8 euroan daude eskuragarri Plateruenaren webgune ofizialean. Governorsen zuzenekorako sarrerak 6 euroan jarri dituzte.