Albisteak

Urriaren 25etik aurrera

Emakumezkoen zuzenekoek indarra hartuko dute BIME Live jaialdian

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

The Prodigy, Franz Ferdinand eta Royal Blood dira aurtengo kartelburuak, baina beste hamaika talde ere arituko dira BEC erakustazokan ostiraletik aurrera.

  • BIME

    BIME

BIME (Bizkaia International Music Experience) musikaren munduko profesionalen nazioarteko topaketa asteazkenetik aurrera egingo dute Barakaldoko BEC! (Bilbao Exhibition Centre) erakustazokan. Aurtengo edizioak musikaren industrian emakumeak duen papera indartu nahi du aurten, eta, hori dela eta, emakumezkoekin osatutako inoizko talde gehien gonbidatuko dituzte oholtzara.

Nobedade gehiago ere izango ditu edizio honek. Izan ere, BIME Campus ekimenak musikaren industrian egiten den lana erakutsiko die 32 ikasleri. Aipatzekoa da, halaber, Last Tourrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako "indoor" BIME jaialdiak Herbehereak izango dituela gonbidatu.

Nabarmendutako jardueren artean urriaren 27ko eta 28ko BIME Live kontzertu-zikloa, BIME Pro topaketa eta BIME City ekimena daude. Azken horrek doako kontzertuz jantziko du Bizkaiko hiriburua egunotan. Guztira, 40 taldek hartuko dute parte Kafe Antzokia, Azkena, Stage Live, Shake, Erribera, Bilborock, El Balcon de la Lola eta Hika Ateneo agertokietan antolatutako emanaldietan.

BIME Live

Iaz 23.000 lagun batu zituen BIME Live jaialdiak, eta aurtengo egitaraua kontuan izanda, beste horrenbeste musikazale biltzeko asmoa dute antolatzaileek. Musika elektronikoak ere izango du lekurik bertan, BIME Gaua egitasmoari esker. Hala, bi agertoki nagusi egongo dira, baita pantaila erraldoi bat ere, eta horri esker zuzenekoak gertuago ikusteko aukera izango dute ikusleek.

The Prodigy, Franz Ferdinand eta Royal Blood dira aurtengo kartelburuak, baina milaka jarraitzaile bilduko dituzten "maila baxuagoko" beste hamaika talde izango dira BECen ostiralean eta larunbatean.

Sarrerak

Bi eguneko txartel berezia 65 euroan dago eskuragarri.