Albisteak

Asteburuko kontzertuen agendak proposamen ugari dakartza

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, KOP, Manolo Kabezabolo, Sorkun, Eraul, Ekiza, Seiurte eta Pelax izango dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Ostiralean, ohi baino kontzertu gutxiago egongo dira, baina, dena den, zenbait herritan musikak girotuko du gaua; Alegian, esaterako. Han, KOP eta Katez taldeak gaztetxean arituko dira. Altsasun, berriz, Manolo Kabezabolo eta Los Que No Dan Pie Kon Bolo igoko dira gaztetxeko oholtzara.

Tolosan egingo dugu ostiraleko hurrengo geldialdia, Sorkun eta Ekiza aterako baitira bertako agertokira.

Bukatzeko, Kaskezur eta Joseba B. Lenoirren emanaldia hartuko du Sarak.

LARUNBATA

Biriatu bisitatuko dute Joxe Replayk, Vendettak eta Kolokak larunbatean, eta Orio izango dute jomugan Kaskezurrek eta Joseba B. Lenoirrek. Zalantzarik gabe, Gipuzkoan izango dira zuzeneko gehien; izan ere, Donostiako Dabadaba aretoan Eraulek eta Nogenek joko dute, eta Dokan, Manolo Kabezabolok, Suturak eta Txorroskillok.

Azken hitzordua Tolosan dugu. Seiurte eta Nothing Box gonbidatuko dituzte larunbatean Bonbereneara.

IGANDEA

Igandean, Pelaxek girotuko du Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartea.