Albisteak

'Izan kantuz' erronka

Euskal musikak 26 orduko maratoia egingo du Zaldibian aste bukaeran

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

'Izan kantuz' erronkan hirurehundik gora herritarrek eta hainbat musikari ezagunek hartuko dute parte: Maider Zabalegik, Mikel Markezek, Naroa Gaintzak, Zuriñe Hidalgok...

Zaldibiak euskal kantagintzarekin lotutako erronka proposatu die herritarrei: euskarazko abestiak bata besteari lotuz, ahotsez ahots, 26 orduko etengabeko haria sortzea. Alegia, azaroaren 10etik 11ra, 26 orduz euskal musikak bustitzea Gipuzkoako aipatu udalerria.

Izateko modu bat ez ezik, hizkuntza zein kultura baten transmisio bide ere bada euskara, ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez. Hori horrela, 'Izan kantuz' erronkak euskal abestiak izango ditu ardatz.

Esan bezala, ostiralean 18:00etan hasiko da maratoia eta larunbatean 20:00ak aldera bukatuko da. Hirurehundik gora dira 'Izan kantuz'en parte hartzeko izena eman duten lagunek. Halaber, Zaldibiako elkarte, talde eta eragile guztiek egin dute bat erronkarekin, baita musikari ezagun askok ere. Herri Antzokiko oholtzan abestuko dute guztiek. Gainera, kanpoaldean karpa handi bat jarriko dute, eta taberna eta sukalde zerbitzua egongo da bertan.

Asmoa da 2018an beste herri batek hartzea lekukoa, eta euskara eta musika uztartzen dituen egitasmo erakargarri hori lau haizeetara zabaltzea.

EGITARAUA:

Ostirala

· 17:00 Kalejira plazatik antzokiraino
· 18:00 Izan Kantuzen hasiera
· 18:30 Porrotxen bisita/kantua
· 18:45 Maider Zabalegi
· 20:00 Mikel Markez
· 20:00-21:30 Ordiziako eta Beasaingo kantu taldeak kalean
· 23:00 Abarlotz Olano

Larunbata

· 01:00 Naroa Gaintza
· 02:00 Manex Mendizabal (Gureran)
· 09:00 Txokolate jana, karpan
· 11:00 Miren Fernandez
· 11:30-13:30 Plentziako kantu-jirakoak, kalean
· 12:00 Zuriñe Hidalgo (Hesian)
· 13:00 Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreak
· 14:00 Herri bazkaria
· 17:00 Jon Urdangarin (Drindots)
· 18:00-19:30 Andoaingo kantu-jira, Zarauzko Montetxio korua, Lasarteko Xumela korua kalean
· 19:00 Xabier Saldias, Idoia Uralde eta Julen Iraola (Egan)
· 20:00 Amaiera ekitaldia.