Albisteak

Kontzertuak

Rafa Ruedak lau solasaldi musikatu iragarri ditu disko berriaren aurkezpenean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Aste honetan eta hurrengoan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Baionan aurkeztuko du abeslari mungiarrak 'Hiri kristalezkoa' diskoa.

1:43

Kalean da dagoeneko Rafa Rueda musikariaren Hiri kristalezkoa estudioko lan berria, non idazle ezagunek hartu duten parte. Hain zuzen ere, Harkaitz Canoren, Leire Bilbaoren, Gotzon Barandiaranen, Unai Iturriagaren, Miren Amurizaren eta Arkaitz Estiballesen hitzak jaso ditu disko berri horretan.

Ekoizpen aldetik ere, ukitu berezia eman nahi izan dio Ruedak esku artean duen proiektu berriari. Horregatik, W.A.S (We Are Standard) taldeko Jon Agirrezabalagarengana jo zuen, abestiei kutsu elektronikoagoa eta dantzagarriagoa emateko, eta horixe da aurrerantzean eskainiko dituen kontzertuetan erakutsi beharko duena.

Aurretik, zenbait solasaldi musikatu eskainiko ditu. Gaur bertan izango da lehena Bilboko Alde Zaharreko Elkar dendan. Han, Fermin Etxegoien izango du lagun, 19:00etatik aurrera. Bihar, berriz, Leire Palaciosekin batera egongo da Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar dendan, ordu berean.

Datorren asterako ere baditu bi hitzordu adostuta. Alde batetik, azaroaren 16an Gasteizko San Prudentzio kaleko Elkarren izango da Jon Basagurenekin. Bestetik, hilaren 17an Baionan duen emanaldirako Pampi Marcapide aukeratu du bidelagun.