Albisteak

Nobedadeak

'Hankapuntetan' bilduma, Izaroren proiektu berria

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Durangoko Azokan egongo da eskuragarri abeslari bizkaitarraren bilduma, non, besteak beste, Mikel Urdangarinekin grabatutako "Errefuxiatuena" abestia jasoko duen.

  • Izaro, Bilbao BBK Live 2017. Argazkia: Tom Hagen

    Izaro, Bilbao BBK Live 2017. Argazkia: Tom Hagen

Izarok aspaldi iragarri zuen estudioan atzera eta aurrera zebilela, Om diskoaren ondorengoa izango dena prestatzen. Alabaina, datorren urtera arte ez du argirik ikusiko abeslari mallabitarrak esku artean darabilen kantu sortak.

Bien bitartean, jarraitzaileei opari bat egitea erabaki du, eta Durangoko Azokara ez da esku hutsik joango; izan ere, aspaldi buruan bueltaka zeukan ideia bati eutsita, kantu "arraroen" bilduma aurkeztuko du Euskal Herriko liburu eta disko azoka ezagunenean. Halaxe deskribatu du Izarok Hankapuntetan bilduma, "arraro" hitza erabilita, hain zuzen.

Bertan jasoko du, besteak beste, bart Gaztean estreinatutako "Errefuxiatuena" abestia, Mikel Urdangarinekin batera kantatutakoa. Gainera, "Paradise" kantuaren Bossa Nova moldaketa jasoko du, baita kontzertu amaieretan bota ohi duten bertsoa ere.