Albisteak

Sari-banaketa

Shawn Mendes nagusi Bilbora bidean diren MTV Europe Music Awards sarietan

AGENTZIA | EITB.EUS

Swiftek eta Bieberrek ez dute esperotako arrakasta izan, ezta Ed Sheeranek ere. Lehenengo biak esku hutsik itzuli dira etxera.

Bilbo prest da MTV telebista-kateak banatzen dituen Europe Music Awards (EMA) sarien 25. edizioa hartzeko. Bart Erresuma Batuko hiriburuan banatu dira aipatu sariak, eta aurreikuspen guztiak hautsita, Taylor Swift esku hutsik itzuli da etxera, sei izendapen zituen arren.

Shawn Mendes 19 urteko abeslari gazteak, aitzitik, artista eta abesti onenaren sariak eskuratu ditu, baita jarraitzaile onenen garaikurra ere, Justin Bieber herrikideari aurrea hartuta.

Horrenbestez, Swiftek eta Bieberrek ez dute esperotako arrakasta izan, ezta Ed Sheeranek ere. Azken horrek zuzeneko onena eskaintzeagatik soilik saritu dute, eta Kendrick Lamar, "HUMBLE" bideoklipa egiteagatik.

Hip hop artista onenaren saria, berriz, Eminementzat izan da; rock musikari dagokionez, Coldplay sailkatu da podiumaren gorenean; doinu elektronikoetan, David Guetta; musika alternatiboan, Thirty Seconds to Mars; eta pop estiloan, Camila Cabello.

Bestalde, U2 irlandarren lau hamarkadako ibilbidea saritu dute Global Icon Award golardoa emanda. Gainerako sarituak Zayn (look onena), Hailee Steinfeld ('Oush' onena), The Chainsmokers ('World stage' onena) eta Dua Lipa (artista berri onena) izan dira.

Bilbo, 2018ko sarien egoitza

Esan bezala, datorren urtean Bilbon egingo dute MTV Europe Music Awards sariak banatzeko ekitaldia.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika albisteak