Albisteak

Nobedadeak

'MICE', Miren Narbaizaren bakarkako estreinaldia

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Napoka Irian hainbat urtez aritutako Miren Narbaiza abeslariak bakarkako ibilbideari ekin dio, 'MICE' proiektua lagun.

Miren Narbaiza bakarkako ibilbidean murgildu da, hainbat urtez proiekturik proiektu ibili ostean. Hala, MICE izenpean argitaratu zortzi kantu jasotzen dituen estreinako diskoa.

Bertan, orain arte egindako bideak emandako uzta ez ezik, gaur egun arte erakutsi gabe zeukana islatu du kantari eibartarrak.

Ekoizpen lanetan Joseba Baleztena (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumision City Blues) izan du gidari. Gainera, abestiak moldatzeaz gain, gitarraren, baxuaren eta teklatuaren hotsak gehitu dizkio grabazioari. Bateriaren ardura, berriz, Ilargi Agirre zarauztarrak hartu du, bestek beste, Perlak taldean eta Joseba B. Lenoirrekin aritutako musikariak. Bukatzeko, soinu lanak Iñigo Irazokik egin ditu.

Narbaizari dagokionez, aipatzekoa da, Ander Mujikarekin batera, Napoka Iriaren parte izan zela. Harrezkero, Perlak, Joseba B. Lenoir eta Dual Split taldeetan hartu du parte, baina talde-lanak denbora batez alde batera utzi eta, bakarkako bidaia abiatzeko ordua iritsi zaio.

Kontzertuak

MICEk hainbat kontzertu iragarri ditu hurrengo hilabeteetarako. Abenduaren 2an, adibidez, Donostian abestuko du, eta hilaren 5ean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

Urtarrileko lehenengo hitzordua Amurrion dauka hilaren 12an. Horixe da, gainera, oraingoz urtarrilerako lotu duen kontzertu bakarra. Otsailean, ostera, hiru emanaldi eskainiko ditu: 1ean, Bilboko Kafe Antzokian; 4an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, eta 22an, Gasteizko Eskilarapeko Soinuaken.