Albisteak

Agurra

Willis Drummonden azken sei kontzertuak, Joseba Baleztena taldekidearekin

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Baleztenak taldea uzteko erabakia hartu du, baina aurretik sei emanaldi berezi eskainiko dituzte; azkena, Bilbon. Gainera, urtea amaitu aurretik, argazki bilduma eta biniloa argitaratuko dituzte.

Willis Drummond taldeak hainbat albiste ditu jarraitzaileei emateko. Alde batetik, urtea bukatu aurretik, azken hamar urteotako argazki bilduma plazaratuko dutela iragarri dute lapurtarrek, eta horrekin batera iritsiko da bi kantu berri jasoko dituen biniloa ere. Proiektu berri horretan Jon Iraundegik egindako 200 argazki inguru bilduko dituzte. Gainera, taldean aritu diren zenbait musikariren hitzak ere izango ditu irakurgai bilduma horrek.

Horiek, ostera, ez dira Willis Drummonden asmo bakarrak urte bukaerari begira; izan ere, sei kontzertu "berezi" emango dituzte hurrengo hilabeteetan. Ohi baino emanaldi luzeagoak izango dira, taldearen diskografiari errepaso sakona egingo diotenak eta, halaber, azken hamar urteotan egin dituzten zenbait moldaketa taularatuko dituztenak. Besteak beste, Izar & Star ziklorako prestatutako Neil Youngen eta Crazy Horseren pare bat abesti joko dituzte agertoki gainean.

Baina bada kontzertu horiek "berezi" bihurtzeko beste osagarri garrantzitsu bat ere, lau urteko elkarlanaren ondoren, Joseba Baleztenak taldea uzteko erabakia hartu baitu. Horrenbestez, Josebarekin batera egingo dituzten azken sei kontzertuak izango dira jarraian iragarritakoak. Bakarkako ibilbidean buru-belarri murgildu nahi du Baleztenak, eta desio horrek bultzatuta erabaki du Willis Drummond uztea.

Kontzertuak

Hasteko, abenduaren 16an Atarrabian egingo duten Hatortxu Rock jaialdian arituko dira, eta hilaren 29an Alegiako gaztetxea harrapatuko dute. Urteko azken hitzordua Elorrioko gaztetxean dute, abenduaren 30ean.

Urtarrilean, berriz, Donostia bisitatuko dute lehenik, hilaren 4an, eta egun bat geroago Gasteizko jarraitzaileak agurtu ostean, Bilbon eskainiko dute azken zuzenekoa, Errege Egunean.

willis drummond