Albisteak

Azaroaren 24an, Elkarren

Berri Txarrakek emanaldi akustikoa eskainiko du Bilbon, 'Infrasoinuak' aurkezteko

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Ostiral goizean aurkeztuko dute diskoa Bizkaiko hiriburuan, eta arratsaldean Elkarren dendan egongo dira diskoak sinatzen eta zenbait kantu jotzen.

Atzerako kontaketa hasi da. Berri Txarrak taldeak ostiral honetan aurkeztuko du Infrasoinuak diskoa.

Hain zuzen ere, Bilboko Kafe Antzokian egingo dute aurkezpena goizean, baina arratsaldean ere ibiliko dira Bizkaiko hiriburutik. 18:30ean, Elkarrek Poza Lizentziatuaren kaleko 14. zenbakian duen dendan du hitzordua hirukote nafarrak. Hantxe izango dira 20:00ak arte jarraitzaileei diskoak sinatzen, eta sare sozialen bidez jakitera eman dutenez, lan berrian jasotako kantu batzuk zuzenean joko dituzte, akustikoan.

Sarrera doakoa izango da, tokia bete arte. Litekeena da ostiralean bertan iragartzea non emango duten hurrengo kontzertua, baina Gorka Urbizuren taldeak ez du birari buruz ezer aurreratu oraindik.