Albisteak

Saio berezia

Su Ta Garrek ekainean Donostiako Victoria Eugenian emandako kontzertua, ETB1en

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Gaurko saio berezian, aipatu kontzertuaren zati garrantzitsu bat emango dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 22:15ean hasita.

0:22

Urtarriletik ekainera arte Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenak harrapatu zituen Su Ta Gar talde gipuzkoarrak, Maitasunari Pasioa azken diskoa aurkezteko. Emanaldi oso bereziak izan ziren aipatutakoak, dela kanten egituragatik eta emankizunaren formatuagatik, dela antzokietan sortu zen giro beroagatik ere, adin guztietako jendea bildu baitzen emanaldiotan.

Besteak beste, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia zapaldu zuten orduan Aitor Gorosabelek eta taldekideek, eta kontzertu horixe emango dute eitb.eus-ek eta  ETB1 telebista-kateak gaur gauean. 22:15ean hasiko da emanaldia, eta ordubeteko saio horretan Donostiako kontzertuaren zati garrantzitsuenaz gozatuko dute ETBren ikusleek.

Gainera, Durangoko Azokan Su Ta Gar, antzokietan zuzeneko DVDa eta bi CD argitaratuko dituzte. Lan horretan, aspaldian jo gabe zeuzkaten hainbat abesti jaso dituzte. Halaber, antzokietako emanaldi berezietan bizitako indarraren eta emozioaren lekuko izango dira Su Ta Garren azken proiektua eskuratzen duten jarraitzaileak.