Albisteak

Diskoaren aurkezpena

Berri Txarrakek hainbat kontzertu akustiko emango ditu hurrengo egunetan

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Euskal Herriko hiriburuetan izango dira Berri Txarrak taldekoak 'Infrasoinuak' lan berria akustikoan aurkezten eta diskoak sinatzen.

Berri Txarrak taldeak zain ditu jarraitzaile fidelenak bihar aurkeztuko duen Infrasoinuak diskoko kantuak entzuteko irrikaz. Dakizuenez, Bilboko Kafe Antzokian egingo du aurkezpen ofiziala goizean, 11:00etan, baina arratsaldean, 18:30ean, Bizkaiko hiriburuan Elkarrek Poza Lizentziatua kalean daukan dendan izango dira diskoa sinatzen eta hainbat kantu akustikoan jotzen.

Azaroaren 27an Donostiako Fnacen egongo dira, 19:00etan, eta egun bat geroago Iruñeko Elkar liburu-dendara iritsiko dira, 18:30ean.

Baionan ere ez dute hutsik egingo. Lapurdiko hiriburuko Elkar dendan azaroaren 29an dute hitzordua, 18:30ean. Ordu berean aurkeztuko dute Infrasoinuak lan berria Gasteizko Elkar dendan, azaroaren 30ean.

Bukatzeko, Durangoko Azokan diskoak sinatzeaz gain, emanaldi labur bat eskainiko dute Ahotsenean, abenduaren 9an, 11:00etan.