Albisteak

Kontzertuak

Bero-bero dator asteburua, musikari dagokionez

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Besteak beste, The Riff Truckers, Revolta Permanent, Porco Bravo, Smile, Glaukoma, Corizonas, Bi Bala eta Mikel Urdangarin arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Amurrion egingo dugu ostiraleko lehen geldialdia, The Riff Truckers eta Lomonken Hoboken igoko baitira bertan agertokira. Baionan horixe berori egingo dute Voltaia, Falta eta Sorotan Babies taldeek.

Hala ere, Gipuzkoan eta Bizkaian espero dituzte kontzertu gehien ostiralean. Batetik, Gipuzkoan, Sofa eta Deus Ez Azkoitian arituko dira; Cobra, Kvalvika eta Garrapata, Eibarren; eta Revolta Permanent eta On, Tolosan. Bestetik, Bizkaian, Smilek Bilboko Kafe Antzokia harrapatuko du, eta Porco Bravok, The Mockersek eta Abismalek, Durangoko Plateruena.

LARUNBATA

Sarrera guztiak agortuta iritsiko da oraingo honetan ere Glaukoma Ondarroara. Bizkaian, baina, zuzeneko gehiago egongo dira larunbatean, Bilbon, adibidez, Corizonasen abestiek bustiko baitute Kafe Antzokia.

Gipuzkoan, berriz, Kaotikok eta The Guilty Brigadek Andoainen eskainiko duten emanaldia aurkituko dugu. Halaber, Gansos Rosas taldeak aspaldiko doinuz jantziko du Donostiako Doka aretoa, eta Sardeskak, Euphoricek, Cordurak eta Joseba B. Lenoirrek Errenteria bisitatuko dute.

Azkenik, Bi Balak disko berriko kantuak aurkeztuko ditu Tolosako Bonberenean.

IGANDEA

Mikel Urdangarinek gozotuko die igandea Durangoko Plateruenara joaten direnei.