Albisteak

Lan berria

Abenduaren amaieran iritsiko da EH Sukarra taldeko Mikel Gorosabelen bakarkako diskoa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Hamaika euskal idazleren hitzak jaso ditu Gorosabelek 'Barne basoan barna' diskoan. Bi zuzeneko iragarri ditu, biak ala biak Eibarren. Lehena abenduaren 29an izango da eta bigarrena, abenduaren 30ean.

Hainbat urtetan EH Sukarra taldean aritutako Mikel Gorosabelek bakarkako ibilbideari ekin dio. Barne basoan barna proiektua da musikari gipuzkoarraren estreinako lana, Barnerecords zigilupean argitaratuko duena. Abenduren amaieran iritsiko den diskoa kaleratzeko, crowdfunding kanpaina abiatu du Gorosabelek.

Asier Serranorekin jarri zen harremanetan esku artean zeukan proiektu-zirriborroa bideratzeko, eta hark eman zion hamaika idazle aukeratzeko ideia. Hala, bakoitzari melodia bana bidali zien, beldurra modu batean edo bestean, bakoitzak nahieran, islatu zezan.

Hortik iritsi da emaitza. Hamaika euskal idazleren hitzak jasotzen dituzten beste horrenbeste abesti. Igor Estankona, Irati Jimenez, Mikel Soto, Beñat Sarasola , Oier Guillan, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Asier Osinalde , Gotzon Barandiaran Arteaga eta Lutxo Egia dira, hain zuzen, Mikel Gorosabelen diskoan parte hartu duten idazleak. Bestalde, grabazioa Sabin Kareagaren Bilbaorock estudioetan egin dute.

Oraingoz, bi zuzeneko iragarri ditu diskoa aurkezteko, biak ala biak Eibarren. Lehena abenduaren 29an izango da Ez dok tabernan, eta bigarrena, abenduaren 30ean, leku berean.