Albisteak

Agurra

Joseba Baleztenak larunbatean esango dio agur Willis Drummond taldeari

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Bilboko Kafe Antzokian izango dira Willis Drummond taldekoak urtarrilaren 6an, Errege Egunean.

Willis Drummond taldeak azken hamar urteotako argazki bilduma plazaratu zuen Durangoko Azokarako, eta horrekin batera iritsi zen bi kantu berri jasotzen dituen biniloa ere. Proiektu berri horretan Jon Iraundegik egindako 200 argazki inguru bildu dituzte. Gainera, taldean aritu diren zenbait musikariren hitzak ditu irakurgai bilduma horrek.

Horiek, ostera, ez ziren Willis Drummondek azaroan erakutsitako asmo bakarrak izan. Sei kontzertu "berezi" eskainiko zituztela ere iragarri zuten, Joseba Baleztenarekin batera eskaini behar zituzten azken sei kontzertuak, hain zuzen. Bakarkako ibilbidean buru-belarri murgildu nahi zuela argudiatuta, taldea uzteko desioa agertu baitzuen, orduan Baleztenak.

Hala, Atarrabian, Alegian eta Elorrion aritu dira 2017. urteko azken egunetan, eta urtarrilaren 4an Donostia eta hilaren 5ean Gasteiz bisitatu ostean, Bilbon emango dute azken zuzenekoa Errege Egunean. Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokia aukeratu du Joseba B. Lenoirrek horretarako. Izan ere, hantxe agurtuko ditu jarraitzaileak Baleztenak bakarlanean aretoren bateko oholtza berriro harrapatu arte, bederen.