Albisteak

Urtarrilaren 12an

Izarok datorren ostiralean aurkeztuko du 'Eason' disko berriko aurrerapen-kantua

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Hiru egun geroago, urtarrilaren 15ean, "Er(h)ori" abestiaren bideoklipa aurkeztuko du. Diskoa, berriz, otsailerako egongo da kalean, eta kontzertu-bira martxoan abiatuko du.

  • Argazkia: Tom Hagen

    Argazkia: Tom Hagen

Geroz eta gutxiago falta da Izaro Andresek Eason disko berria argitaratzeko. Gainera, kantari mallabiarraren estudioko lan berria iritsi aurretik, "Er(h)ori" abestiaz gozatzeko aukera izango dute jarraitzaileek. Izan ere, urtarrilaren 12an helduko da aipatu kantuaren estreinaldia.

Hiru egun geroago, urtarrilaren 15ean, kantu beraren bideoklipa aurkeztuko du, eta otsailean iritsiko da diskoa.

Jakina da, baita, martxotik aurrera kontzertu-bira egingo duela. Bilbon izango da lehenik lan berria aurkezten. Bizkaiko hiriburuko zuzenekoa martxoaren 8an emango du Arriaga Antzokian. Egun bat geroago, Donostiako Victoria Eugenia bisitatuko du, eta martxoaren 16an Iruñeko Zentral aretoan du hitzordua. Arabarrek ere izango dute Izaro zuzenean ikusteko aukera, baina lehenago Madrilen arituko da. Hain zuzen ere, martxoaren 23an harrapatuko du Madril, eta 24an iritsiko dira Gasteizera Eason diskoko kantuak.

Emanaldi horien ostean, Galizia aldera joango da Belako taldekoekin batera. Guztira, hiru zuzeneko eskainiko dituzte elkarrekin: Vigon, Santiago de Compostelan eta Coruñan. Bartzelonan egingo du birako azken geldialdia apirilaren 13an. Dena dela, litekeena da aurki kontzertu gehiago ixtea.