Albisteak

Polemika

Radioheaden argitaletxeak ukatu egin du Lana del Rey auzitara eraman izana

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Dakizuenez, abeslari estatubatuarrak sare sozialen bidez adierazi zuen talde britainiarrak auzitara eraman duela, "Creep" abestia kopiatzea egotzita.

Radiohead taldearen abestiak kudeatzeaz arduratzen den Warner/Chappell musika argitaletxeak agiri baten bidez iragarri du ez dutela Lana del Reyren aurkako salaketarik aurkeztu. Dakizuenez, abeslari estatubatuarrak sare sozialen bidez adierazi zuen talde britainiarrak auzitara eraman duela, ustez "Creep" abestia kopiatzeagatik.

Variety aldizkariak, bere aldetik, jakinarazi duenez, taldearen eta artistaren ordezkariak iazko abuztutik ari dira gai horren inguruan hizketan.

Dena dela, iragan igandean piztu zen ika-mika, Lana del Reyk txio bat argitaratu ostean. Bertan emandako azalpenen arabera, Lust for Life estudioko azken diskoan jasotako "Get Free" abestia "Creep" kantuaren kopia izatea egotzi diote. "Nik badakit ez naizela 'Creep' kantuan inspiratu 'Get Free' egiteko. Hala ere, argitalpen eskubide guzti-guztiak eskatzen dizkidate", esan zuen. Gainera, ordura arte izandako negoziazioetan eskubide horien % 40 eskaini ziela azaldu zuen, baina Radiohead taldearen abokatuek ez zutela eskaintza onartu eta, ondorioz, auzitara eramango zutela aurreratu zuen.

Alabaina, argitaletxearen mezua ez dator bat horrekin: "Argi dago 'Get Free' kantuaren bertsoetan 'Creep' abestiak dituen zenbait elementu erabiltzen direla. Horren aurrean, antzekotasun horiek onartzeko eskatu diogu, abestia idatzi dutenengatik, batik bat. Aitzitik, gezurra da Radioheadek eskubideen % 100 eskatu eta salaketa aurkeztu izana".

urkeztu izana".