Albisteak

Bira

Agortu egin dira Su Ta Garren Donostiako kontzerturako sarrerak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Larunbat honetan Doka Kafe Antzokian arituko dira, eta datorren astean Alegiako gaztetxea bisitatuko dute.

Urteak pasa ahala, geroz eta energia gehiago erakusten dute Su Ta Gar taldekoek. Azkenaldian oholtzatik jaitsi gabe dabiltza gipuzkoarrak, eta badirudi urtarrila eta otsaila bitartean ere agertokiz agertoki ibiltzeko asmoa dutela.

 

 

Larunbat honetan, esaterako, Donostian dute hitzordua, Doka Kafe Antzokian. 20:30ean irekiko dituzte ateak, eta ordu erdi geroago hasiko da Aitor Gorosabelen eta taldekideen zuzenekoa. Sarrera guztiak agortuta iritsiko dira bertara eibartarrak.

Urtarrilaren 26an, berriz, Alegiako gaztetxea bisitatuko dute. Egun bat geroago ere taula gainean izango dira, kasu honetan, Baionako Zizpa gaztetxean.

Bukatzeko, otsailaren 24an Durangoko 40 Minutu Rock jaialdian arituko dira. Hantxe egongo dira, besteak beste, Glaukoma eta Gatibu taldeak ere.