Albisteak

Kontzertuak

MICEk bira luzea iragarri du urtarriletik martxora arte

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Iruñea, Bergara, Bilbo, Durango, Zarautz, Oñati, Bera, Eibar, Gernika eta Gasteiz bisitatuko ditu bi hilabeteko epean abeslari eibartarrak.

Miren Narbaiza bakarkako ibilbidean murgildu da duela gutxi, hainbat urtez proiekturik proiektu ibili ostean. Hala, MICE izenpean argitaratu zuen zortzi kantu jasotzen dituen estreinako diskoa.

Orain abestiak taula gainean defendatzen dabil kantari eibartarra. Dagoeneko eman ditu kontzertu batzuk, baina oraindik ere, martxoa bitartean, hainbat zuzeneko eskainiko ditu. Urtarrilaren 24an, adibidez, Iruñeko Herriko tabernan arituko da, eta egun bi geroago, Bergarako Kartzela zaharrean.

Otsailerako ere baditu zenbait hitzordu itxita. Hilaren 1ean Bilboko Kafe Antzokian izango da; 4an, Durangoko Plateruenan; 16an, Zarautzeko Arrano tabernan, eta otsailaren 23an eta 24an, Oñatiko Antixenan eta Berako Katakunen, hurrenez hurren.

Martxoaren 3an, berriz, Eibarren aurkeztuko ditu abesti berriak, eta 9an horixe berori egingo du Gernikako Lekuek jaialdian. Bukatzeko, Bilboko Kafe Antzokiko oholtzara igoko da martxoaren 14an, eta Gasteizko Eskilarapeko Soinuak ekitaldian hartuko du parte 22an.

du parte 22an.