Albisteak

Martxoan, Victoria Eugenian

Agortu egin dira Izarok Donostian emango duen kontzerturako sarrerak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Martxoaren 8an Bilboko Arriaga Antzokian eskainiko duen zuzenekorako sarrerak ere agortzear daude. Abeslari mallabiarrak hainbat hiritan aurkeztuko du, martxoan hasita, 'Eason' diskoa.

Izaro abeslaria behin eta berriz aritu da azken egunotan Donostiako kontzerturako sarreren gaineko informazioa ematen. Hain zuzen ere, egunak zeramatzan kantari mallabitarrak sarreren salmenta ziztu bizian ziola esanez. Gainera, txartel gutxi batzuk geratzen zirenean, Victoria Eugeniako eremua handitzea erabaki zutela jakinarazi zuen, jende gehiagori tokia egiteko asmoarekin. Hala eta guztiz ere, bart jakin dugu dagoeneko bete dela aipatu antzokia, eta, beraz, "sold out" kartela eskegi duela Gipuzkoako hiriburuko kontzertuan.

 

 

Victoria Eugenia beteko duela jakin ostean, pozik azaldu da Izaro, eta Bilboko jarraitzaileei ohartarazi die Arriaga Antzokirako ere sarrera gutxi geratzen direla.

Dakizuenez, martxoaren 8an aurkeztuko du Eason lan berria Izarok Bilbon; egun bat geroago, Donostia bisitatuko du, eta, martxoaren 16an, Iruñeko Zentral aretoan izango du hitzordua. Arabarrek ere izango dute Izaro zuzenean ikusteko aukera, baina Madrilen arituko da lehenago. Hain zuzen ere, martxoaren 23an harrapatuko du Madril, eta 24an iritsiko da Gasteizera.

Emanaldi horien ostean, Galizia aldera joango da Belako taldekoekin batera. Guztira, hiru zuzeneko eskainiko dituzte elkarrekin: Vigon, Santiago de Compostelan eta Coruñan. Bartzelonan egingo du birako azken geldialdia, apirilaren 13an. Dena dela, litekeena da aurki kontzertu gehiago ixtea.