Albisteak

Disko berria

Otsailaren 23an iritsiko da Travellin' Brothersen lan berria

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Hamar kantu jaso dituzte '13th Avenue South' estudioko zortzigarren diskoan, tartean, Robert Johnson omentzen duen abesti bat.

Leioako Travellin' Brothers seikoteak 13th Avenue South diskoa argitaratuko du otsailaren 23an. Brad Jones musikari eta ekoizlearekin grabatu dute lan berria, AEBn.

Taldearen estudioko zortzigarren diskoa izango da aipatutakoa, eta Magnolia Records zigiluaren eskutik helduko da. Guztira, hamar abesti jasoko ditu; horietatik bederatzi berriak eta orijinalak dira, eta hamargarena, berriz, Robert Johnsoni egindako omenaldi bat da.

Taldekideek esan dutenez, aspaldiko teknikak erabilita grabatu dute 13th Avenue South, alegia, guztiek batera hartu dute parte prozesuan, abeslariak baita. Horretarako, Alex The Great Recording estudioetara jo dute. Nahasketa lanak, berriz, Jim DeMainen esku geratu dira, Yes Master Studiosen.

Aipatzekoa da, halaber, artista askok egin diotela ekarpena diskoari: besteak beste, Alex Schultz gitarra-jole newyorktarrak, Earl Thomas eta Etta Britt abeslariek eta Brad Jones berak ere.