Albisteak

Agurra

Lauroba taldeak bukatutzat eman du bere ibilbidea

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Martxoaren 3an emango dute azken kontzertua, Donostian. Hunkigarria eta berezia izango omen da aipatu hitzordua.

Sare sozialen bidez eman dute jakitera albistea. Lauroba taldeak desagertzeko erabakia hartu du. "Beti omen dago agur esateko une bat, bideei bukaera emateko momentu bat, eta guri iritsi zaigu jada. Gustura egingo genuke aurrera, baina oso zaila egiten zaigu gure musika era duin batean zabaltzen jarraitzea", adierazi dute.

Hamalau urteko ibilbidea egin ostean, beraz, bere jardunari bukaera ematea erabaki du Laurobak. Berba horiekin eta jarraitzaileei eskerrak emanez utzi dituzte agertokiak. "Ederra izan da zuek, oholtzetan bidelagun izan zareten horiek, ezagutu izana", esan dute.

Agurtu aurretik, hilabete honetan bertan abesti bat argitaratuko dute. Gainera, martxoaren 3an Donostiako Doka antzokian arituko dira. Hantxe esango diete agur zaleei, oso berezia eta hunkigarria izango den emanaldi batean.