Albisteak

Martxoaren 17an

Berri Txarrakek autobus-zerbitzua jarri du BECeko kontzerturako

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Martxoaren 17an Hego Euskal Herriko hainbat udalerritatik jarriko dute autobusa Barakaldora. Itzulerako bidaia kontzertua bukatu eta 45 minutura izango da. Txartelak salgai daude jada.

  • Berri Txarrak. Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Berri Txarrak. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Hilabete barru dena prest izango dute Berri Txarrak taldekoek Barakaldon kontzertu kolosal eta bakarra eskaintzeko. Dakizuenez, talde nafarraren jarraitzaileak BEC erakustazokako Bizkaia Arena aretoan batuko dira martxoaren 17an, Infrasoinuak diskoko kantuak zuzenean entzuteko.

Duela egun batzuk jakinarazi zuten The Baboon Show taldea gonbidatuko dutela egun horretan agertokira. Azken orduotan, berriz, autobus-zerbitzua jarriko dutela iragarri dute.

Hala, Euskal Herriko hamazazpi udalerrirekin lotuko dute Barakaldo, autoen joan-etorriak saihestu eta musikazaleen bidaiak errazte aldera. Hain zuzen ere, Altsasutik, Arrasatetik, Azpeititik, Beasaindik, Donostiatik, Durangotik, Eibartik, Errenteriatik, Gasteiztik, Gernika-Lumotik, Irundik, Iruñetik, Lizarratik, Tafallatik, Tolosatik, Zarauztik eta Zornotzatik jarriko dituzte autobusak.

Kontzertua bukatu eta 45 minutura aterako dira itzulerako autobusak. Txartelak hemen eskura ditzakezue.