Albisteak

Ezustekoa

Agurra dantzatu diete Berri Txarrak taldekoei, Sydneyn

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ordiziako Amets Bide dantza taldeko Usue Garmendiak opari ederra egin die Sydneyko (Australia) Gure Txoko euskal etxearen frontoian Berri Txarrak taldekoei.

Euskal musika indartsu iritsi da Australiara azken egunotan, Berri Txarrak taldeari esker. Dakizuenez, Sydneyko musikazaleen aurrean aurkeztu ditu Infrasoinuak diskoko abestiak hirukote nafarrak.

Alabaina, oholtza gainean ez ezik, Gure Txoko euskal etxearen frontoian ere ikusi ditugu Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre. Opari ederra jaso dute bertan, Ordiziako Amets Bide dantza taldekoen eskutik.

Facebook bidez zabaldu duten bideoan ikus daitekeenez, Usue Garmendia dantzariak eta bi lagunek Agurra dantzatu diete Berri Txarrakekoei. "Pasaiako herritik" kantuaren letra ardatz hartuta, testu honekin partekatu dute bideoa dantza taldekoek: "Sydneyko plazatik dator notizia, Berri Txarrak izan dela indarrez bizia, agurra dantzatuaz bertan ikusia, kontsolatzeko triste dagoen guztia".