Albisteak

Agurra eta omenaldia

Larunbat honetan utziko ditu agertokiak Porco Bravo taldeak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Asier Martinez Mintegi taldeko gitarra-jotzailea zenaren omenezko Pulpofest jaialdian hartuko dute parte otsailaren 17an, eta atsedenaldi mugagabea hartuko dute ondoren.

Larunbat honetan omenaldia egingo diote Bilboko Santana 27 aretoan Asier Martinez Mintegiri, Porco Bravo taldeko gitarra-jotzailea zenari. Iazko otsailaren 16an zendu zen Pulpo Busturian, taldean bertan zein rock musikaren munduan hutsune izugarria utzita.

Urtebete geroago, Porco Bravok Pulpofest jaialdia ospatuko du taldekide izandakoaren omenez, eta, ondoren, agertokiak utziko dituzte aldi baterako.

Lehenengo albisteari dagokionez, tadeak jakinarazi zuen Bizkaiko hiriburuko omenaldian ez direla bakarrik egongo, Motociclon talde madrildarra, Desakato asturiarra, Kaotiko arabarrak, eta The Riff Truckers eta Señor No bizkaitarrak ere arituko baitira Pulpofesten.

Bestalde, aipatutako hori Porco Bravoren azken kontzertua izango da. Dirudienez, atsedenaldi mugagabea hartzea erabaki dute, azkenaldian ehunka kontzertu eman ostean eta hamarkada batez lan eta lan aritu ondoren.  "2007az geroztik ez dugu inoiz geldialdirik egin. Urte gogorrak izan dira, trantze txarrak izan ditugulako. Gelditzeko unea da, denbora luze honetan lortutako guztiari buruz gogoeta egiteko tenorea. Gainera, guretzat etapa baten bukaera da, eta espero dugu atsedenaldi hau pasarte berri baten hasiera ere izatea", esan dute.

Larunbateko kontzertuari buruz ere mintzatu dira: "Laguntasuna, elkartasuna, errespetua eta rock and rolla arnastu nahi dugu. Pulporen eta Porcoren lagun guztiek bat egitea eta data berezi horretaz disfrutatzeko aukera izatea da gure helburua".

Kontzertua

Sorpresaz betetako gaua izango da larunbatekoa. Goizaldera arte luzatuko dute festa, ordu txikitan musika jartzeaz arduratuko diren Twist! eta Adrian disko-jartzaileekin, baita Santanan bertan arituko den Señor No talde donostiarraren ikuskizunari esker ere.

Sarrerak

Kontzertu horretarako sarrerak Porco Bravoren webgune ofizialean daude eskuragarri, 16 euroan. Txarteldegian 20 euroko prezioa izango dute.