Albisteak

Agurra

"Agur", Lauroba taldearen azken kantua

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Martxoaren 3an emango dute azken kontzertua, Donostian. Hunkigarria eta berezia izango omen da aipatu hitzordua.

Sare sozialen bidez eman zuten jakitera albistea. Lauroba taldeak desagertzeko erabakia hartu du. "Beti omen dago une bat agur esateko, bideei amaiera emateko... eta guri ere iritsi zaigu momentu hori. Gustura jarraituko genukeen aurrera; bagenuen gogo, ideia eta kemenik gure musika egiten jarraitzeko. Baina bide honetan aurrera, zalantzan jarri behar izan dugu aurrera jarraitzeak merezi ote zuen. Azkenaldian oso zaila izan da gure musika modu duin batean plazaratzen jarraitzea, eta 14 urteko ibilbidearen ostean, konturatu gara gure jardunari amaiera jartzea dela onena", dio Facebook sare sozialean kaleratu duten agurrean.

Hamalau urteko ibilbidea egin ostean, beraz, bere jardunari bukaera ematea erabaki du Laurobak. Berba horiekin eta jarraitzaileei eskerrak emanez utziko dituzte agertokiak. "Esker hitzak besterik ez ditugu urte hauetan guzietan alboan izan zaituztegun horientzat. Gure abestiekin zerbait sentiarazi dizuegula sinestarazi diguzuenoi, mila esker bihotzez. Ederra izan da zuek, oholtzetako bidelagun izan zareten horiek, ezagutu izana", esan dute.

Dena den, oholtza gainetik nahi dituzte agurtu jarraitzaileak. Horregatik, martxoaren 3an Donostiako Doka antzokian arituko dira, oso berezia eta hunkigarria izango den azken emanaldia eskaintzeko. Gainera, "Agur" abestia grabatu eta kaleratu dute azken orduotan.