Albisteak

Martxoaren 18tik 25era

Delorean eta Maria Arnal i Marcel Bages bikotea, Oñatiko Beratu jaialdian

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Musikazaleei ez ezik, sortzaileei eta musika-eragileei ere egongo da zuzenduta egitaraua. Ahotsenearekin elkarlana abiaraziko du jaialdiak.

  • Oñatiko Beratu jaialdia

    Oñatiko Beratu jaialdia

Geratzeko asmoz jaio den Beratu jaialdiak musikaz jantziko ditu Oñatiko zenbait txoko (kultur etxea, Gaztelekua, gaztetxea, Santa Ana antzokia…) martxoaren 18tik 25era.

Zortzi egunez, musika talde ezagunak igoko dira aipatu udalerriko agertokietara; besteak beste, Maria Arnal i Marcel Bages bikotea, Delorean, Audience eta Lukiek. Gainera, hain ezagunak ez diren artistak ere gonbidatuko dituzte lehenengo edizio honetara.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiaren helburua ez da erakusleiho soil bat izatea, euskal musikaren topaleku bihurtzea baizik. Horretarako, eztabaidak, hitzaldiak eta musikarien eta musika-industrian lanean diharduten profesionalen arteko solasaldiak proposatuko dituzte. Halaber, Musik Fem ekimena, haurrentzako egitaraua, Ahotsenean Topatuko Gara zikloa, zine kluba eta beste hainbat jarduera eskainiko dituzte.

Kontzertuak

Kontzertuak martxoaren 23tik 25era egingo dituzte, batik bat. Maria Arnai i Marcel Bages bikotea, Delorean, Audience eta Lukiek dira orain arte iragarritako artistak.

Ahotsenea

Durangoko Azokako Ahotsenea gunearekin elkarlana abiaraziko du jaialdiak. Hartara, berbaldiak, musikarien arteko topaketak, musika-azoka eta emanaldi akustikoak izango dituzte Oñatin, Ahotsenearen eskutik.