Albisteak

Martxoan, Bilbon

Indie Festival jaialdiak doako kontzertuz jantziko du EHUren Mitxelena Aretoa

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Bilboko aipatu aretoan Atom Rhumba, Rrucculla, Kaskezur, Anari, Nuria Graham eta Joana Serrat izango dira martxoaren 16an eta 23an, EHUk antolatuta.

Martxoan indie musikaren topaleku izango da Bilbo, bi astez. Izan ere, EHUk Abandoibarran duen Mitxelena Bizkaia Aretoak hainbat zuzeneko hartuko ditu hilaren 16an eta 23an.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, aretoa bete arte. Hala, lehenengo ostiralean, alegia, martxoaren 16an, Atom Rhumba, Rrucculla eta Kaskezur igoko dira agertokira, 20:00etatik aurrera.

Martxoaren 23an, berriz, Anari, Nuria Graham eta Joana Serrat ikusteko aukera izango dute aipatu aretora gerturatzen direnek.

Duela urte batzuk BizBak izenarekin egin zen ezagun aipatu jaialdia, baina bost urteko isilunearen ostean, Indie Festival izenarekin itzuliko da. Hain zuzen ere, 2012an eta 2013an egin zuten BizBak, eta hantxe aritu ziren Tachenko, McEnroe, Anni B Sweet, Guadalupe Plata, Joseba Irazoki eta Dan Wilson.

Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek jakinarazi dutenez, "Do It Yourself" leloaren filosofia indartzea da jaialdiaren helburua.

 

 

>