Albisteak

Bira

Voltaia taldeak hainbat kontzertu emango ditu 'Erortzen' diskoa aurkezteko

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Bilbo, Zestoa, Donostia, Leioa, Oiartzun, Lazkao eta Irun bisitatuko dituzte hurrengo hilabeteetan.

Otsailaren 16an argitaratu zuen Voltaiak Erortzen diskoa, eta Gaztean talde gipuzkoarraren "Erortzen" aurrerapen-kantua estreinatu genuen egun batzuk lehenago.

Gaztain estudioan grabatu dute hamabi kanturekin osatutako estudioko lan berria, Eñaut Gaztañaga ekoizlearen laguntzarekin.

Diskoak argia ikusi zuen egun berean Andoaingo gaztetxean aurkeztu zituzten abestiak, eta orain Bilboko Kafe Antzokian dute jarria arreta. Izan ere, martxoaren 1ean arituko dira bertan, Nerabe taldearekin batera.

Martxoaren 10ean, berriz, Zestoan izango dira; 23an Trintxerpeko Mogambo aretoan, eta hilaren 24an Leioako gaztetxean.

Apirilerako beste bi emanaldi iragarri dituzte. Lehena Oiartzunen eskainiko dute, apirilaren 14an. Bigarrena Lazkaoko txosnetan hitzartu dute hilaren 20rako.

Hori guztia gutxi ez eta, dagoeneko iragarri dute irailaren 1ean Irunen joko dutela.