Albisteak

Bira

Glaukomak hamar kontzertu emango ditu martxotik maiatzera arte

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Gernika-Lumo, Legorreta, Deustu, Oiartzun, Lizarra, Anoeta, Urduña eta Berriatua harrapatuko dituzte Glaukoma taldekoek bi hilabeteko epean.

Sarrera guztiak agortzen trebeak dira Glaukoma taldekoak. Iaz Kalima diskoa argitaratu zutenetik, oholtzaz oholtza dabiltza gipuzkoarrak kantu berriak aurkezten, eta kontzertu arrakastatsuak izan dira orain arteko guztiak. Hori ikusita, errepidean atzera eta aurrera jarraitzeko gogoa erakutsi dute, eta gaur bertan hainbat zuzeneko iragarri dituzte hurrengo hilabeteetarako.

Aspaldi jakinarazi genizuenez, ostiral honetan Gernikako Lekuek jaialdian arituko dira, eta larunbatean LegoReggae festibalean. Gainera, martxoaren 16an Deustuko jaiak girotuko dituzte, eta hileko azken egunean Oiartzungo Gazte Akelarrean bildutako musikazaleen belarriak gozatuko dituzte.

Apirilerako, bi zuzeneko itxi dituzte oraingoz. Batetik, Plentzia eta Gorliz arteko Denontzat gaztetxea bisitatuko dute, eta egun bat geroago Lizarran dute kontzertua.

Bukatzeko, maiatzerako Anoetan, Urduña eta Berriatuan dituzte jomugan.

Kontzertuak

Martxoak 9, Gernika

Martxoak 10, Legorreta

Martxoak 16, Deustu

Martxoak 31, Oiartzun

Apirilak 20, Plentzia-Gorliz

Apirilak 21, Lizarra

Maiatzak 4, Anoeta

Maiatzak 5, Urduña

Maiatzak 12, Berriatua