Albisteak

Musika agenda

Kontzertu eta jaialdi zaparrada, asteburua girotzeko

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Willis Drummond, Mice, Glaukoma, Nerabe, Potato, K.O. Etiliko, Arkada Social eta Anari arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

Izarok gaur bertan abiatuko du "Eason" bira Bilbon.

OSTIRALA

Bilbon estreinatu ondoren, Izarok Donostian aurkeztuko ditu disko berriko kantuak ostiral iluntzean. Handik gertu, Orion, Willis Drummond aterako da Etxeluze gaztetxeko oholtzara.

Gasteizen eta Iruñean ere izango da zer entzun. Arabako hiriburuan, adibidez, Kaotiko eta Illinoys arituko dira; Nafarroakoan, berriz, Patxuko Nice.

Halere, ostiraleko hitzordu garrantzitsuena Gernika-Lumok hartuko du, Lekuek jaialdiari esker. Besteak beste, Sustrajah Band, Glaukoma, Hemendio, Balerdi Balerdi, Mice, Anita Parker, Nizuri Tazuneri eta The Riff Truckers gonbidatu dituzte bertara.

LARUNBATA

The Fridays Crewren musikak bustiko du Andoain larunbatean. Gipuzkoatik mugitu gabe, Atom Rhumbak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean emango duen kontzertuarekin egingo dugu topo, baita The Guilty Brigadek eta Lendakaris Muertosek Donostian eskainiko duten zuzenekoarekin ere.

Bestalde, Liher Oñatin egongo da eta Nerabe eta Maddi, Tolosan. Ezin aipatu gabe utzi LegoReggae jaialdia ospatuko dutela Legorretan.

Bizkaia aldean ere euskal musika izango da nagusi. Alde batetik, Esto No Es Rock Radical Vasco ikuskizunak Hertzainak, R.I.P. eta Barricada taldeen doinuekin jantziko du Durango. Gainera, Gernikako Lekuek festibalean Kokein, Rukula, Potato eta MB Banda igoko dira taulara.

Bizkaiko azken hitzordua Zornotzan iragarri dute; K.O. Etiliko eta Arkada Social arduratuko dira bertan gaua girotzeaz.

Esan gabe doa Willis Drummondek ez duela larunbatean etxean geratzeko asmorik. Leitzako Torrea herriko tabernan izango dira lapurtarrak larunbatean.

IGANDEA

Doinu lasaiak barreiatuko dira Donostian, Oza, Anari, Libe eta Jon Basaguren musikarien eskutik.

Jabier Muguruzak itxiko du asteburuko agenda. Elgoibarrera iritsiko da musikari irundarra igandean.