Albisteak

Musika agenda

Kontzertuz kontzertu, Euskal Herrian barrena

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Vendetta, Willis Drummond, Glaukoma, Grises, Berri Txarrak, Audience, Mice, Ze Esatek! eta Bi Bala dira asteburuan Euskal Herriko agertokietara igoko diren taldeak.

OSTIRALA

Bigarren emanaldia ostiralean eskainiko du Willis Drummondek, kasu honetan, Amurrion. Dena den, Bizkaian eta Gipuzkoan izango dira ostiraleko kontzertu gehienak. Bilbon, esaterako, Atom Rhumba, Ruccula eta Kaskezur igoko dira Mitxelena aretoko oholtzara. Gainera, Deustuko jaietan, Joseba B. Lenoir, Glaukoma eta Sustrajah Band taldeen musika entzungo da, eta Kafe Antzokiak Los Coronasen bisita jasoko du.

Aipatzekoa da, halaber, larunbatean Vendettak bigarren zuzeneko bat duela Donostian, eta Grisesen doinuak ere zabalduko dira bertan.

Bukatzeko, Izarok Iruñean aurkeztuko du Eason diskoa.

LARUNBATA

BECen jarri dute arreta euskal musikazaleek; izan ere, Berri Txarraken Infrasoinuak Barakaldoko erakustazokan barreiatuko dira larunbat gauean.

Alabaina, talde nafarrarena ez da larunbateko hitzordu azpimarragarri bakarra. Beran, adibidez, Audience aterako da Kataku ostatuko agertokira. Horixe berori egingo du Willis Drummondek Lekornen.

Aukera aniztasuna, beraz, larunbat gauerako, musikari dagokionez. Bizkaia aldera mugituta, Maria Arnal i Marcel Bages Kataluniako bikoteak Berrizen eskainiko duen emanaldia izango dugu.

Gipuzkoako agendari begira, berriz, Empty Files ikusteko aukera edukiko dute eibartarrek; Miceren abestiak entzungo dituzte mutrikuarrek, eta Ze Esatek!, Bi Bala eta Fan & Go taldeen kantuen lekuko bihurtuko dira ordiziarrak.

Vendettak Gasteizko jarraitzaileak agurtuko ditu larunbatean.

IGANDEA

Willis Drummonden maratoiak Tolosan egingo du geldialdia igandean.