Albisteak

Zuzenekoa

Doctor Deseok bigarren kontzertu bat iragarri du Bilbon maiatzerako

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Maiatzaren 19ko zuzenekorako sarrera guztiak agortu ostean, bigarren emanaldi bat itxi dute. Hain zuzen ere, maiatzaren 18an bisitatuko dute Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokia.

La Fuerza de la Fragilidad. Palabras ante el Espejo disko berria aurkezten ibiliko da Doctor Deseo taldea oholtzarik oholtza, datorren astetik aurrera.

Duela gutxi, Gaztean "Adios" aurrerapen-kantua aurkeztu genuen, baita udaberriko kontzertuen datak iragarri ere. Apirilaren 14an ekingo diote birari. Orduan, Plateruena Kafe Antzokian izango dira. Hilaren 28an Santander astinduko dute, eta maiatzaren 5ean Gasteizko Jimmy Jazzen aurkeztuko dituzte kantu berriak. Aipatutakoa, aitzitik, ez da maiatzeko emanaldi bakarra izango. Donostiako jarraitzaileengana iritsiko da Francis eta taldekideak maiatzaren 12an, eta 19an Bilbon arituko direla iragarri zuten aspaldi. Sarrera guztiak agortuta daudela ikusita, bigarren kontzertu bat itxi dute Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokian, maiatzaren 18rako.

Bukatzeko, maiatzaren 25ean Iruñarock jaialdia bisitatuko dute.

Lan berria

200 orriko liburua, CDa eta DVDa argitaratuko ditu Doctor Deseok. Zortzi abesti jasoko ditu lan berrian: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako hiru abesti, tartean. Hiru kantu horiek DVDan ere bilduko dituzte, "Adios" abestiaren bideokliparekin batera.