Albisteak

Disko berria

Apirilaren 12an helduko da Doctor Deseoren lan berria

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Diskoaren aurkezpen-bira apirilaren 14an hasiko du Durangoko Plateruenan. Gerora, Santander, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñea ere zapalduko ditu.

La Fuerza de la Fragilidad. Palabras ante el Espejo disko berria apirilaren 12an argitaratuko du Doctor Deseo taldeak. Gerora, lan berria oholtzarik oholtza aurkezten ibiliko dira bilbotarrak.

200 orriko liburua, CDa eta DVDa kaleratuko ditu. Zortzi abesti jasoko ditu lan berrian: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako hiru abesti, tartean. Hiru kantu horiek DVDan ere bilduko dituzte, "Adios" abestiaren bideokliparekin batera.

Bira

Duela gutxi, Gaztean "Adios" aurrerapen-kantua aurkeztu genuen, baita udaberriko kontzertuen datak iragarri ere. Apirilaren 14an ekingo diote birari. Orduan, Plateruena Kafe Antzokian izango dira. Hilaren 28an Santander astinduko dute, eta maiatzaren 5ean Gasteizko Jimmy Jazzen aurkeztuko dituzte kantu berriak. Aipatutakoa, aitzitik, ez da maiatzeko emanaldi bakarra izango. Donostiako jarraitzaileengana iritsiko da Francis eta taldekideak maiatzaren 12an, eta 19an Bilbon arituko direla iragarri zuten aspaldi. Sarrera guztiak agortuta daudela ikusita, bigarren kontzertu bat itxi dute Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokian, maiatzaren 18rako.

Bukatzeko, maiatzaren 25ean Iruñarock jaialdia bisitatuko dute.