Albisteak

Kontzertuen agenda

Euri gabe eta kontzertuz gainezka dator asteburua

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Don Inorrez, Libe, Arkada Social, Rukula, Voltaia, Mice, Niños Mutantes, Correos, Liher eta Siroka arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

Badirudi euriak tregoa emango digula astearen bukaera honetan. Beraz, zer hobeto kontzerturen batera joatea baino?

OSTIRALA

Tremenda Jauria eta Skakeitan Azpeitian arituko dira ostiralean. Legorretan, berriz, Hiri Galduak eta Libe izango dira protagonista, eta Oñatin, Arkada Social eta Txua. Gipuzkoa aldeko kontzertuekin amaitzeko, Koban eta Broken Brothers Brass Band igoko dira Donostiako Dabadaba aretoko oholtzara.

Gainera, Ondarroan Rukularen eta Normanen musika entzungo dute Portuko Ranpin elkartzen direnek.

LARUNBATA

Glaukoma eta Pablo Hasei gonbidatu dituzte Azkoitira larunbatean. Bestalde, Donostiako Doka aretoa Rammsteinen kantuek bustiko dute, Meinstein taldeari esker. Gipuzkoako hiriburuan bertan, Don Inorrezen estreinaldiaz gozatuko dute Dabadabara gerturatzen direnek. Handik ez oso urruti, Oiartzunen zehazki, Kasmoai, Kaskezur, Voltaia eta Rodeo aterako dira Pagoa Kafe Antzokiko agertokira.

Bizkaia aldera mugituz gero, Niños Mutantesek, Correosek eta Polek Bilbon eskainiko duten emanaldiarekin egingo dugu topo. Bestalde, Sopelan, Liherrek eta Sirokak girotuko dute Plaza Beltza kulturgunea.

Bukatzeko, Camaron de la Islaren abestiak gogoraraziko dituzte Gasteizen, Kubik aretoan.

IGANDEAN

Libek azken diskoko kantuekin jantziko du Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea igandean.