Albisteak

Apirilak 20-21

Asian Dub Foundation eta Roy Ellis gonbidatu ditu Donostiara Revolution JamRockek

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Jaialdiaren zazpigarren edizioan hogei talde inguru arituko dira, eta bereziki emakumeek eta gazteek izango dute protagonismoa. Kontzertu nagusiak apirilaren 20an eta 21ean egingo dituzte.

  • Asian Dub Foundation

    Asian Dub Foundation

Reggae eta hip hop musika uztartzen dituen Revolution JamRock jaialdia apirilaren 20an abiatuko da. Egun horretan, bi kontzertu handi antolatuko dituzte Gipuzkoako hiriburuan, eta apirilaren 21ean Tabakalera eta Gazteszena musikaz girotuko dute, hainbat jardueraren bitartez.

Zazpigarren edizioa adin-tarte guztietako ikusleei egongo da zuzenduta, JamRock Kulturala, JamRock Kids eta JamRock Woman ekimenei esker. Maiatzean eta ekainean egingo dituzte egitasmo horiek guztiak, reggae musikan emakumeek eta haurrek betetzen duten papera aldarrikatze aldera.

Bi gau nagusietako musika eskaintzari dagokionez, mundu guztitik iritsitako hogei artista inguru arituko dira Donostian. Besteak beste, Jamaikatik, Alemaniatik, Txiletik, Erresuma Batutik eta Suitzatik heldutako musikariak izango dira. Lehenengo gauean, adibidez, Asian Dub Foundation igoko da agertokira. Danitsa, Don Camilo, Jonte eta Revolutionary Brothers ere egongo dira bertan.

Bigarren egunean, berriz, Roy Ellis jamaikarra izango da lehena oholtzara ateratzen. Rapsusklei, Suga Roy, Conrad Crystal eta Zareb, Treesha, Jareb Babel eta Bombadil Sound iritsiko dira geroago.