Albisteak

Elkarrizketa

Marilia: "Gaur egun existitzen den rock talde onenetakoa da Berri Txarrak"

Ella Baila Solako kantariak Berri Txarrakekin Madrilgo La Riviera aretoan aritzeko gonbidapena noiz eta nola jaso zuen kontatu digu 'Gaztea Box' saioan.

  • 7:44 min
imagen player
imagen player
imagen player

Joan den asteburuan izandako musika albiste garrantzitsuenetakoa izan da Mariliaren eta Berri Txarrak taldearen arteko elkarlana. Dakizuenez, Madrilgo La Riviera aretoan larunbatean talde nafarrak eskainitako emanaldira gonbidatu zuten Ella Baila Solako kantaria. Ezusteko handia izan zen bertan bildutako jarraitzaileentzat, artista horien arteko lotura zein zen jakin nahian gelditu baitziren asko eta asko. Horregatik, 'Gaztea Box' saiora gonbidatu dugu aste honetan Marilia, kolaborazioaren nondik norakoak argitzeko.

Gaztea Irratian egindako elkarrizketan kontatu digunez, Denbora da Poligrafo Bakarra bildumako bigarren diskoarekin maitemindu zen aspaldi: "Iruditzen zait ‘'Infrasoinuak' oso ona dela, baina 20. urteurrenaren kariaz argitaratutako disko hirukoitzarekin aho-zabalik geratu nintzen". Gauzak horrela, 'Helduleku guztiak' diskoko "Aditu bihurtuak" abestia moldatu zuen, besteak beste. Ez zuen moldaketa hura gehiegi lausengatu, baina Berri Txarrak taldekoei bidali zien eta lagunartean ere zabaldu zuen.

Marilia gustura aritu zen abestien bertsioak egiten, eta jakin-minak bultzatuta, euskara ikasten hasi zela ere aitortu digu. "Lagun bati eskatu nion, 'tx' eta antzekoekin laguntzeko", esan du.

Mariliaren harridura, ostera, gerora iritsi zen, Madrileko kontzertua baino bi egun lehenago Gorka Urbizuren deia jaso zuenean. La Rivierako zuzenekoan abestu nahi ote zuen galdetu zion Lekunberriko musikariak, eta bi aldiz pentsatu gabe, "noski baietz" erantzun zion.

"Oso berezia izan da esperientzia. Gaur egun existitzen den rock talde onenetakoa da Berri Txarrak. Duela urte batzuk entzun nuen lehenbizikoz. Letra oso onak dituzte eta gogoeta sakonak egiten dituzte, musikak behar duen moduan".