Albisteak

Kontzertuen agenda

Musikak aginduko du udaberri giroan murgildutako asteburuan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, The Riff Truckers, Izaro, Voltaia, Travellin' Bothers, Skasti, Atom Rhumba, Bultz, Liher eta Iker Lauroba arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Iker Lauroba eta Zentinelak izango dira Alegian ostiralean. Donostian, berriz, Serrularen abesti berrienak barreiatuko dira. Gipuzkoatik mugitu gabe, The Riff Truckersek Elgoibarren eskainiko duen emanaldiarekin egingo dugu topo, baita Nogenek, Marlikek eta Izarok Getarian emango duten kontzertuarekin. Aipatzekoa da, halaber, Voltaiak, Trini Foxek eta Rodeok Lazkao astinduko dutela. Horixe berori egingo du Xabi San Sebastianek Villabona-Amasan.

Nafarroa aldean bi zuzeneko garrantzitsu iragarri dituzte ostiralerako: Rukula, Beran, eta Liher, Lizarran.

Azken geldialdia Bilbon egingo dugu. Bertan, Travellin' Brothers eta Mississippi Queen & The Wet Dogs igoko dira Kafe Antzokiko oholtzara.

LARUNBATA

The Fridays Crew eta Bultz Alegian egongo dira larunbatean. Urretxun, berriz, Polifrafo Fest jaialdia ospatuko dute, eta Oiartzunen Skasti eta Guda Dantza aterako dira Pagoa Kafe Antzokiko agertokira.

Bestalde, Berrizek Rafa Ruedaren bisita jasoko du, Bilbon Vendettaren agurrak hartuko du lekua, Elorrion Ikarass eta Cobra entzuteko aukera izango dute gaztetxera gerturatzen direnek, eta Larrabetzuk Inoreneroni eta Rukula taldeen bisita jasoko du.

Bukatzeko esan beharra dago Atom Rhumba eta Pristine gonbidatuko dituztela Gasteizko Helldorado aretora. Hendaian, gainera, kontzertu andana antolatu dute: Zakill, Ekiza, Kuartz…

IGANDEA

Iker Lauroba eta Sara Azuzaren emanaldiak bustiko du Donostia igandean.