Albisteak

Rap musika

2zio taldeak 'Orain eta hemen' argitaratu du

eitb.eus

Lapurdiko rap taldeak hamabi abesti berri jaso ditu hirugarren disko honetan; "kritikoak eta aldarrikatzaileak" dira guztiak.

Bideoak (1)

2010. urtean Odeiren eta Gorkaren ahotsekin eta Jo disko-jartzailearen musikarekin sortutako 2zio talde lapurtarra bueltan da. Urte eta erdiko atsedenaldiaren ostean, 'Orain eta hemen', estudioko hirugarren diskoa, aurkeztu dute. Autoekoizpenaren bidetik iritsi da lan berria.

Euskarazko errimak ardatz ditu oraindik ere aipatu hirukoteak. Horrekin, "sentimendu sakonak eta aldarrikapen sozialak" azaleratu dituzte, betiere oinarri "nahiko ilunei" eutsita. Hala, gaur egungo gizartean hizpide diren gaiak ("Prest" kantuan, esaterako) eta bizipen pertsonalak tartekatu dituzte. Gainera, aurtengo Herri Urrats festarako abestia egin du 2ziok.

Kontzertuak

Hondarribian izango dira maiatzaren 11n, proiektu berria aurkezten. Hilaren 13an, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa dela eta, Senperen joko dute, eta Iruñea bisitatuko dute maiatzaren 18an. Kontzertu horiek emandakoan, Biarritzen dute hitzordua, hilaren 19an; Etxarri Aranatzen, ekainaren 1ean; Gasteizen, ekainaren 8an, eta Arbizun, ekainaren 29an.