Albisteak

Ostiralean

Dinero taldeak kontzertu berezi batekin ospatuko du Bilbon hamargarren urteurrena

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ostiralean Bilboko Stage Live aretoan arituko dira hainbat gonbidatu berezirekin. Gainera, sekula taularatu ez dituzten zenbait kantu joko dituzte, jarraitzaileek egindako hautaketa errespetatuz.

2017ko irailean bete zuen Dinero taldeak hamarkada bat. Izan ere, 2007ko hilabete berean eman zuen lehendabiziko kontzertua Madrilen, hots, estudioko estreinako diskoa argitaratu baino bi urte lehenago.

Magikoa izan da taldekideentzat hamar urteko ibilbidea. Horregatik, A 10 Años Luz bilduma kaleratu dute 2018ko otsailaren 23an, taldearen hamalau kantu arrakastatsuenak jaso dituena. Abesti horiek guztiak zuzenean grabatu dituzte, besteak beste, El Drogas, Mikel Izal, Ivan Ferreiro, Dani Martin, Nina de Juan (Morgan), Marti Perarnau (Mucho) eta Charlie Bautista musikariekin batera.

Hain zuzen ere, urrian grabatu zuten lan berria, isilpean, eta hiru hilabete geroago iragarri zuten martxotik aurrera ikuskizun berezi eta bakarrak eskainiko dituztela Elxen, Madrilen, Valentzian eta Bilbon.

Bizkaiko hiriburuko emanaldia Stage Live aretoan izango da, ostiral honetan, eta gonbidatu bereziekin arituko da Dinero aipatu zuzenekoan. Horrela, kontzertu ahaztezinak izango direla esan dute.

Gainera, sarrera eskuratzen dutenek orain arte zuzenean sekula jo ez dituzten abestien artean baten batzuk aukeratu ahal izango dituzte, ikuskizun horiek are bereziagoak izan daitezen.